Manuel Lezertua - Arartekoa
Egun on. Oso pozgarria da niretzat Euskal Herriko Unibertsitatearen XXXIV. Uda Ikastaroen (XXVII. Europar Ikastaroen) hasiera-ekitaldi honetan parte hartzea.
Hiru arrazoirengatik:
- Hasteko, hauxe dudalako lehen ekitaldia ararteko bezala, izan ere, dakizuenez, atzo karguaren zina egin nuen Eusko Legebiltzarrean eta bide zirraragarri honi ekin nion eskubideak defendatzeko legebiltzarraren goi mandatari gisa.
- Bigarrenik, jarduera honetan hasi naizelako. Begi-bistakoa da EHUren uda ikastaroek lortu duen ospea berme-ziurtagiri bat dela gaur hastera goazen tankerako jarduera baterako. Horren haritik, bide batez, eskerrak eman nahi dizkiet ikastaroen antolatzaileei Arartekoarekin lankidetzan aritzeagatik, 1997an lehendabiziko ikastaroa elkarrekin antolatu zutenetik. EHUrekin elkarlanean antolatutako jarduera honetan helduarora iritsi garela esan dezakegu.
- Eta, azkenik, Europan urte askoan egin dudan lan-ibilbideagatik. Sinets iezadazue, gazteek beren herritar-eskubideak gauzatzeko dituzten zailtasunak etengabeko kezka sortzen dute Europako Kontseiluan eta haren erakundeetan, eta hori oso gogoan izaten da Kontseiluak hasten dituen ekintzetan. Horregatik, arazo hori konpontzeko, Estatuei eskatzen die ekintza positiboen alde egin dezatela, gaur hemen egiten ari garen moduan.
Eskerrak emateko orduan, unibertsitateari ez ezik –lehen aipatu dut hori–, hizlariei ere eskertu nahi diet Ararteko erakundearekin lankidetzan aritzea jardunaldi honek arrakasta izan dezan, baita ere ikastaroaren hasieratik bertatik ponentzia idatziak eskura izateko egin duten ahaleginagatik, dagoeneko eskuragarri baitauzkazue gure web orrian: ararteko.eus.
Milesker ikastaro honetan izena eman duzuen guztioi. Espero dut ikastaroaren amaieran pozik ateratzea, edukiak mamitsuak eta interesgarriak izan direlako eta ondorio garrantzitsuak atera ditugulako. Bereziki nabarmendu nahi dut Gobernuz Kanpoko Erakundeek (GKE) egiten duten lana gazteen bizimodu duinaren alde; erakunde horietako batzuek ordezkariak dituzte hemen. Arartekoarentzat, GKEak gizartearen eta gizarteko taldeen begi-belarriak dira, behatzaile pribilegiatuak, eta beraiekin ditugun harreman estu eta iraunkorren bitartez, gizartearen gorabeherak ezagutzen laguntzen digute.
Eskerrik asko, bada, hona etorri zareten guztioi, eta goiza bukatzean, ordu hauek emankorrak izan diren sentsazioarekin etxeratzea nahiko nuke.